2019(e)ko otsailaren 14(a), osteguna

Gizarte eraldaketako jardunaldiak


Bi egun hauetan, UNRWA Euskadik antolatutako “Gizarte eraldaketako jardunaldiak” izeneko tailer batzuetan hartu dugu parte. Bertan, Ekialde Hurbileko, hain zuzen ere Palestinako errefuxiatuen egoerari buruzko aurreiritzi kultural eta genero aurreiritzietan murgildu gara, metodologia artistikoa ardatz hartuz, aurreiritzi hauek apurtzeko asmoz.
Ezertan hasi aurretik, UNRWA Euskadiri buruz hitz egin nahiko nuke. Ekialde Hurbilean dauden Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia da, Jordanian, Sirian eta Palestinar herrialde okupatuetan dauden 5 milioi palestinar errefuxiatuei babesa, arreta eta defentsa eskaintzea dutelarik funtziotzat. Gizakien ongizate eta garapenerako egiten dute lan, eta nahiz eta izatez aldi baterako erakundea izan (3 urterako), errefuxiatuen egoeraren kalteak eraginda, epe hori gaur egun arte luzatzen joan da.


Hau guztia esan ondoren, jardunaldiei sarrera emango diet. Bi egunetan bereizi ziren. Alde batetik, arte diziplina desberdinetako kontzeptu teoriko-praktikoak eta esperientziak azaltzeko baliatu zituzten hitzaldi batzuk eduki genituen lehen egunean. Bestetik, bigarren egunean, giza eskubideetan oinarritutako hiru tailer praktiko eduki genituen: antzerkia, komikia eta ipuina.
Lehen eguneko hitzaldiei eutsiz, bost hizketaldi eduki genituen, hau da, UNRWA Euskadiko Miriam Amubieta, Estibaliz eta Jose Miguel UPV/EHUko irakasleak, ALBOANeko Inés Vicente, SERSO San Viator Euskal Herria-ko Janire eta Sergio eta Maysun Cheukh Mediavilla ikus-entzunezko irudigile eta bigarren hezkuntzako irakaslea. Bakoitzak, aniztasunaren inguruan egiten duen lana azaldu zuen eta, egia esanda, nahiko astuna egin zitzaidan. Kontatzen ari zirena interesgarria zen arren, kontatzeko moduak ez zien mesederik egiten. Ideia garrantzitsu mordoa esan zituzten eta niri gehiegizkoa egin zitzaidan bost hitzaldi horiek egun berean eta jarraian egiteak. Lekuak asko laguntzen ez zuen arren, hitzaldiak modu dinamikoagoan egin izango baziren, askoz ere interesgarri eta eramangarriagoak izango ziren. Berez, oso interesgarriak ziren, baina egun batean guztiak egitea gehiegizkoa iruditu zitzaidan.
Bigarren egunera salto eginez, jardunaldien azken atalari ekin genion. Kurtsoa 3 taldetan banatu zen lehen aipatutako tailerretan. Niri, komikien inguruko tailerrean egokitu zitzaidan eta egia esan, nahiko interesgarria iruditu zitzaidan. Susanna Martin komikigilearekin egon ginen, beste hainbat komikiren artean, “Gaza Amal” izeneko komikia sortu zuen emakumearekin. Tailerrak, “Viñeta que agita conciencias” izena zuen, deigarria benetan, hori izan baitzen nik tailer hau aukeratzearen arrazoia. Komikien munduari era kritiko batean eutsi genion eta Susannaren ibilbidearen eta komikiak eduki duen eraldaketaren inguruan hitz egin ostean, gure sen artistikoa ateratzen utziz, ariketa edo jolas batzuei ekin genien. Egia esan, hasiera batean pixka bat astuna egin zitzaidan oso teorikoa egin zuela iruditu zitzaidalako. Hala ere, jarduerekin hasi ginenean, guztia dinamikoagoa izan zen eta denbora azkarrago eta arinago pasa zitzaidan.

Tailer guztiak amaitu ondoren eta antzerki tailerrekoen “emanaldia” ikusi ostean, jardunaldi guztiaren ebaluazio orokorra egin genuen. Tailer bakoitzean egin zena azaldu zuten, beste tailerren nondik norakoak eta burututako jarduerak ikusteko aukera eduki genuelarik. Orokorrean, lehen eguneko hitzaldi batzuk astunak egin zitzaizkidan arren, jardunaldiak aniztasunaren ideia aberasteko oso baliagarriak izan direla uste dut. Aniztasunari erantzuteko eta erantzun hori egokia izateko garrantziaren inguruan hausnarketa egitera bultzatu didate eta bertan esku hartzeko artea oso tresna baliagarria izan daitekeela ere ohartu naiz. Lehen esan bezala, lehen eguneko hitzaldiak dinamikoagoak egingo nituzke, baina aniztasunaren inguruko ideia osatzeko edota sortzeko oso baliagarria izan zaigula uste dut. Amaitzeko, aipatu beharra daukat inpaktu handia sorrarazi zidala emakume palestinarrek bizi duten errepresio eta zailtasunak. Uste baino egoera gogorragoa bizi dutela ohartzeko baliagarriak egin zaizkit hitzaldi hauek.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Hizkiland

Después del duro trabajo que hemos estado haciendo estas últimas semanas, este es el resultado de nuestra narrativa digital, titulada Hizkil...